berria.info

 

Larunbata, 2015eko otsailak 28a.

 

Erreportajea. Xakea.

Xakea adimena indartzeko.

 

Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, xakea da eskolaz kanpo egiten duten kiroletako bat. Donostiako Zurriola ikastolan, 150 haur baino gehiago aritzen dira, Iņigo Argandoņa xake jokalaria irakasle dutela.

 

Testua: Araitz Muguruza.

 

Arbelaren gainean xake taula erraldoi bat daukate Zurriolako ikastolan. Pieza handiak ditu, eta, azpian duten imanaren indarragatik, ez dira lurrera erortzen. Ikasleen atentzioa bereganatu, eta hasi da azalpenak ematen Iņigo Argandoņa: “1858ko xake partida bat azalduko dizuet. Parisko opera batean jokatu zuten...”. Ikasleak zur eta lur geratu dira, duela 150 urte ere xakea jokatzen zen! Argandoņak erantzun dio haurren harridurari: “Futbola baino askoz ere lehenago sortu zen xakea, duela 2.000 urte ere jokatzen zuten”.

 

Estrategiak erakusteko erabiltzen dute, gehienbat, arbeleko taula. Horietako batzuk ikasiak dituzte, dagoeneko. June Torres eta Leire Sanchezek, adibidez, ispiluaren teknika egin berri zuten MANTANGORRIk bisita egin zienean. “Partidaren hasieran erabili behar da teknika hori; gero ez du balio horrenbeste”, adierazi du Torresek. Xakean jokatzen hasi zirenetik, teknika ugari ikasi dituzte. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik seigarrenera arte ematen dute xakea Zurriola ikastolan. Eskolaz kanpoko jarduera da, eta bazkaldu aurretik edo ondoren izaten dituzte klaseak. Argandoņak dioenez, xakeak badu arrakasta ikastolan. 150 ume baino gehiago aritzen dira.

 

Gauza askotarako zaie lagungarri xakea. Kontzentrazioa, logika et erabakiak hartzen ikasten dute. Eta, Lehen Hezkuntzako aurreneko urteetan, hori benetan garrantzitsua da, Argandoņaren iritziz. “Urte horietan ikasten dute irakurtzen eta idazten. Xakearekin logika asko lantzen dute, eta hori onuragarria izaten zaie”. LH3 eta LH4ko ikasleen gelan izan da MANTANGORRI, eta gehienak, lehenengo mailan hasi ziren jokatzen. Jolasten ari direnean, isil-isilik aritzen dira. Hala dago Ibai Aranburu. Serio-serio ari zen lanean galderak erantzuten dituen bitartean. “Ongi pentsatzea benetan garrantzitsua da, jokaldi egokien bidez irabaziko dugulako partida”, esan du piezak lekuz aldatzen ari zen bitartean. Aranbururen aurkaria, berriz, zintzo ari da haren mugimenduei kasu egiten. Apurka-apurka, hasieran lerrokatuta zeuden 32 piezak taulan zabaltzen ari dira. Haizea Gaskuek ere gustura asko jokatzen ditu partidak. Esan du behar bezala jokatzeko irakaslearen azalpenei adi-adi kasu egin behar zaiela.

 

Ez dira erabaki hutsalak izaten, mugimendu bat edo beste egiteak ondorio batzuk ekartzen ditu. Horregatik, bizitzarako asko balio duela dio Argandoņak. Jarrera aldaketak ere eragin ditzake xakeak. Xake irakasleak, hala ere, ez du uste beti horrela izaten denik. “Nik ikusi dut haur batzuei nola lagundu dien ikasteko jarrera aldatzen. Beste batzuei, berriz, ez horrenbeste. Ezin da zehatz-mehatz jakin. Argi dago, behintzat, kalterik ez duela egiten”.

 

Intuizioa da lantzen dituzten beste balioetako bat. Jokalariak aurkariaren asmoak iragarri behar ditu. Aurreikusi, eta ekidin egin behar ditu. Argandoņak dio, 10-11 urterekin hasten direla intuizioa lantzen, oinarrizko ezagutzak landuta dituztenean.

 

Bereizkeriarik gabeko kirola.

 

Baina ikasketa prozesurako bakarrik ez, xakeak baditu beste hainbat balio ere, gizarteratzeko baliagarri direnak. Ez du genero bereizkeriarik, esaterako. “Eliteko txapelketetan ere emakumeek eta gizonek elkarren aurka jokatzen dute, hau da, lehiaketak ez dira generoaren arabera banatzen”. Adinaren arabera ere ez dago banaketarik, ez eta pertsonen gaitasunen arabera ere. Ezintasun fisikoren bat dutenek ere joka baitezakete. “Beti egon izan dira jokalari itsuak; istripu baten ondorioz elbarri geratu direnek ere joka dezakete. Egia esateko, edonor aritu daiteke”.

 

Zurriola ikastolako haurrek parte hartzen dute txapelketetan. Ostiralero egiten dituzte Carmelo Balda frontoian. Aranburu, Torres eta Sanchez joan izan dira. Xakean jarduten duten beste ikastetxeetako lagunen aurka jokatzen dute. Izan ere, ikastetxe askotan lantzen dute xakea. Eskolaz kanpoko jarduera moduan jarduten dute xakean. Badaude, ordea, ikasgai gisa dutenak. Sobiet Batasunako kide izan ziren herrialde batzuetan, hain zuzen ere. Nazioarteko lehiaketetan nabaritzen da jokalari horien maila.

 

Kontzentrazioa beharrezkoa da xakean ongi jokatzeko; norberak bere mugimenduak ez ezik, aurkariarenak ere aurreikusi behar ditu.